Aralarreko Hegoaldeko Exekutiba gaur arratsaldean bildu da Donostiako bere egoitzan, eta bertan atzoko Hauteskunde Orokorretako emaitzen balorazioa egin du. Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordeak agertu duenez, “EAEn gertatu diren emaitzak guztiz kezkagarriak dira, bereziki indar abertzaleentzat; porrota izan da abertzaleentzat, 200.000 boto galdu ditugulako guztion artean”. Horri aurre egiteko, indarren metaketa beharrezkoa dela esan du.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan indar abertzaleek izandako emaitzekin kezkatuta azaldu da Abril. “Indar abertzaleek 200.000 boto galdu izanak erakusten du gizartea nazka eginda dagoela eta aldaketak eskatzen dituela”. Aralarreko koordinatzaileordeak gogoratu du joan den urrian indarrak metatzea beharrezkoa zela azaldu zuela Aralarrek, “baina ezezkoa jaso genuen; nahiz eta batzuk beharrezko ikusi zuten ezezkoa jaso genuen, eta atzoko emaitzek diote ez geundela hain okertuta”.
Egoerari aurre egiteko, alderdi abertzaleen indar metaketa eskatu du berriro: “Espainiako indarrek gehiengoa lortzeko aukera gehien dituztenean eta euskal ahotsa eramatea zailagoa denean, berretsi nahi dugu indar metaketa beharrezkoa dela”. Abrilek gaineratu duenez, indar abertzaleek hausnarketa sakona egin beharko dute. “Batzuen bide antzuek eta besteen alderdikeriek ez digute utzi, eta horrela jai dugu abertzale eta independentistok. Abertzaleok eta bereziki ezker abertzaleko kideok hausnarketa egin behar dugu eskaintza erakargarria egiteko”.
Atzo Aralarrek lortutako emaitzen inguruan, Abrilek esan du gustura daudela emaitzekin, orain 4 urteko emiatzen parean geratu direlako. “Botoa fidelizatu dugu, eta boto emaile horiei eskerrak Aralarren proiektuarekiko erakutsi duten atxikimenduarengatik”. Gogoratu duenez
Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaileak, bere aldetik, atzo Iparraldean Euskal Herria Bai koalizioak lortutako emaitza onak aipatu ditu. “Euskal Herria Baik emaitza onak lortu zituen, eta gure alderdi senide den Abertzaleen Batasuna izan da koalizio hori aurrera eramaten ahaleginik handiena egin duena, ez bakarrik ekarpenik handiena egin duena baita ere emaitza handiena ekarri duena izan da”.
Nafarroa Bairen emaitzen inguruan esan du emaitza duinak lortu dituela. Izan ere, orain 4 urte baino 1.000 boto gehiago lortu ditu, eta mantendu du bere ordezkaritza Madrilen. “Ez dugu berdindu joan den maiatzeko maila, baina oinarri bat dugula erakutsi dugu”.
EAEko emaitzen inguruan, kezkagarriak direla adierazi du, eta Abrilek egindako moduan, indarren metaketa eskatu du: “Aralar saiatuko da Euskal Herriak eta abertzaleok ditugun erronkei erantzuteko; ez da besteek egin dutenari edo inguruan gertatzen denari begiratzea. Abertzaleok zer eskaintzen dugun begiratu behar dugu, eta gizarteari zer eskaini behar dugun hausnartu behar dugu, gure gabeziak zeintzuk diren jakiteko”.














